Sorkuntza lan prozesuak eta 'elkarrizketak', jaialdiaren bereizgarri

2014tik etenik gabe antolatu du Errenteriako Udalak Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdia.

Edizio guztietan eman zaio garrantzia berezia sorkuntzari. Musika alorrean bai, baina beste diziplina batzuetan ere izango da ‘elkarrizketa’ hauetaz gozatzeko aukera.

Ezagutu Atlantikaldian argia ikusiko duten eta urte osoko sorkuntza lan prozesua suposatu duten proiektu eta emanaldiak:

ITSAS ELKARRIZKETAK

‘Itsas elkarrizketen’ bidez jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzen ditugu, nazioartekoak eta bertakoak, eta inoiz taularatu gabeko proposamenak eskaintzen dituzte ATLANTIKALDIAN. Hala, Baionako Kolinga taldeak Iker Lauroba eta Leire Letu izango ditu aldamenean; Las Karamba taldearen erritmo latinoek Amaia Elizaran dantzariaren gorputza gidatuko dute; Tanxugueiras galiziarrek Neomak taldeko 7 emakumeekin ahotsa emango diote euren herrietako tradizioari; Les Amazones D’Afrique musikari afrikar aktibistak Tony Viser dantzariarekin arituko dira oholtza gainean, eta España Circo Este talde italiarrari  Moonshine Wagon laukote euskalduna gehituko zaio.

KATALUNIAR KONEXIOA: RUMBA ETA BESTE!

Errenteria-ko Herri Arte Eskola eta Kataluniako El Prat del Llobregat-eko Escola d’arts en viu arteko elkartrukea:

Errenteriako Herri Arte Eskolak bigarren urtez jarraian elkartruke oparo bat burutu du Atlantikaldia jaialdiaren baitan. Iaz Galiziarekin burutu ondotik aurtengo ediziorako Kataluniara begira jarri da eta ikasturte oso bateko hartuemanaren islada izango da emanaldia. Bi herrialdeetako doinu ezagunez osaturiko egitarau partekatua taularatuko da 60 ikasle eta irakasleren zuzeneko parte-hartzearekin.

Maiatzean El Prat del Llobregat-eko Escola d’Arts en Viu-ko 3 musikari-irakasle Errenteriara bertaratu eta hainbat tailer eta entsegu burutu zituzten. Irailera heldu garen honetan HAE-ko ikasle eta irakasleak ere ikasturtea hasi aurretik entseguak eginak dituzte eta azken aste honetan kataluniarren etorrerarekin azken ukituak emango dizkiete. 

Kontzerturako prestaketez gain, gitarra ikasleek rumbari dagokion ventilador teknikan trebatzeko aukera izan dute, euskal dantzako ikasleek zenbait kataluniar dantza ikasteko aukera izan dute, dultzaina ikasleek gralla-ren berezitasunak bertatik bertara deskubritu dituzte errepertorio berri bat jotzearekin batera eta azkenik perkusio ikasleek rumba kaxoi flamenkoan lantzeaz gain herri dantzen akonpainamenduan tabal damborraren nondik norakoak ezagutu dituzte.

Aipagarria da era berean datorren maiatzean HAE-ko ikasle-irakasleak El Prat-en ospatzen den Pratifolk jaialdian arituko direla euskal musika eta dantzen inguruko hainbat mintegi pedagogiko burutu eta Atlantikaldian eskainiko den emanaldia bertan eskainiz.

'NONGOA ZARA' BERTSO SAIO MUSIKATUA

Jatorri aniztasuna abiapuntutzat hartuta, aurreko ikasturtean zehar Errenteriako ikastetxe guztietako haurrekin prestatutako emanaldia da.

Zenbait sentsibilizazio saio egin ziren 2022ko ekainean zehar. Errenteriako ikastetxeetako 16 gelatan izan ziren Jon Martin bertsolaria eta Unai Gaztelumendi marrazkilaria, “nongoak zarete?” galderari tira egin eta nortasuna eraikitzeko balio duten hainbat markaren errepasoa eginez. Haietako batzuk ez ditu norberak hautatzen: jaioterria, gurasoen eta arbasoen jaioterria… Beste batzuk bai: elikadura ohiturak, janzkera,… Migratzeko motiboei buruzko galderak tartekatu ziren, klaseko hizkuntza aniztasunaren errepasoa egin eta gogoetak abiatuz. Galderaz, bertsoz eta marrazkiz jaso zituzten haurren esperientziak eta Atlantikaldian oholtza gainera ekartzekotan gelditu ziren.

Bertso saio formatura ekarri dituzte han jasotakoak. Musikaz eta marrazkiz osatuko dute emanaldia. Bi saio prestatu dituzte Gari Otamendi biolin jotzailearekin batera. Saio hauek Jon Martinek gidatu eta Unai Gaztelumendik iruditara ekarriko ditu. Errenteriako haurren artean dagoen aniztasunaren ertz, zapore eta kolore ezberdinei kantatuko diete bertsolariek.

Goizean 11:00etan Zumaria plazan arituko dira Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariekin, eta arratsaldeko 19:00etan, berriz, Maddi Ane Txoperena eta Aitor Sarriegirekin.

SUKALDIAN

Atlantikaldian dastatu ahal izango diren errezeta internazionalak sorkuntza lan prozesu batetik datoz: lehenengo fasean bertaratutakoek euren jatorrizko herrialdeetako kulturetako gastronomiaren osagai, errezetak eta teknikak helarazi zizkioten Sergio Cuartero sukaldariari, inspirazio kulturala partekatzeko.

Bigarren fase batean sukaldariak sortutako 4 fusio-errezeta dastatu ahal izan zituzten denen artean, eta bertatik atera zen orain jaialdian dastatuko diren pintxoen zerrenda. Atlantikaldian jarriko den foodtruck batean dastatu ahal izango dira 4 plater hauek, eta herriko ostalariei ere helaraziko zaizkie errezetak. Hemen klik eginda ikusi ahal izango duzu zein pintxo diren!