Atlantikaldian dastatzeko nazioarteko mokaduak, elkarlanean sortzen

Atlantikaldian dastatu ahal izango diren errezeta internazionalak hautatu dira asteburu honetan egin den ekitaldian: Errenterian bizi diren hainbat jatorriko pertsona, Basque Culinary Centerren graduatutako Sergio Cuartero sukaldariarekin elkarlanean aritu dira Alaberga auzoko Arditurri elkartean.

Lanaren bigarren fasea izan da asteburukoa. Izan ere, lanketaren lehenengo fasean bertaratutakoek euren jatorrizko herrialdeetako kulturetako gastronomiaren osagai, errezetak eta teknikak helarazi zizkioten Cuarterori, inspirazio kulturala partekatzeko.

Orain, sukaldariak sortutako 4 fusio-errezeta dastatu ahal izan dituzte, eta ondoren, iritziak partekatu.

Hauexek izan dira errezetak:

1. Oilasko eta tipulaz betetako dumpling frijitua, martorri emultsioarekin. Jatorria: Nepal eta Maroko.

Errezeta honek Marokotik eratorritako ‘Ras el Hanout’ espezia-nahasketa eta ‘cous-cous’-a ditu batetik, eta Nepaletik eratorritako ‘dumpling’-ak eta martorria.

2. Lupi cevicheaz betetako takoa, ají pipar horia eta mole beltzarekin. Jatorria: Mexiko eta Peru.

Perun oso famatua da ‘cevichea’ (arrain marinatua) eta lupia arrainarekin egingo da kasu honetan. Ají horia ere Perutik dator, eta piper mina da. Mexikotik berriz, takoak eta mole beltza; azken hau, chile piparrez eta espeziaz eginiko saltsa bat da.

3. Naan ogia, oilasko-suya, tikka masala eta jogurt krema. Jatorria: Pakistán, Armenia eta Nigeria.

Naan ogia Pakistanen ohikoa den gari-irinez egindako ogi zapal bat da. Horrekin batera, Nigeriatik eratorritako oilasko ‘suya’ (brotxeta antzeko bat), Pakistango tika massala saltsarekin eta Armeniako jogurt-saltsarekin.

4. Saiheski erreaz betetako enpanada, gaztatxoa eta lima. Jatorria: Nikaragua, Venezuela eta Ukraina.

Artoz egindako enpanaden jatorria Latinoameriketakoa da, eta horregatik da ohikoa bai Venezuelan baita Nikaraguan ere. Berdin gertatzen da enpanadak izango duen saltsarekin: gaztatxoa (edo ‘quesillo’ deiturikoa) eta lima, asko erabiltzen dira bi herrialden hauetan. Saiheskiak izango duen ‘sazón’ ketua, Ukrainatik dator; espezia modura eramango duen ezamihilua bezalaxe (eneldo).

 

Hemendik, Atlantikaldian zerbitzatuko diren jatekoak aterako dira. Guztiak harrituta gelditu dira errezetekin, oso pozik kulturen arteko nahasketarekin, jatorrizko zaporeak ere asko antzematen baiziren errezetak berezitasun bat baino gehiago izanda ere. Atlantikaldian jarriko den foodtruck batean dastatu ahal izango dira 4 plater hauek, eta herriko ostalariei ere helaraziko zaizkie errezetak.

Atlantikaldia aniztasuna da. Atlantikaldia denon jaialdia da. Laster informazio gehiago!